XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Elefanteak zahardadez... edo hortzak galtzen dituztenean gosez hiltzen dira. Belarjale indartsuak dira eta lurralde zabalak behar dituzte egunero elikatzeko bazka izan dezaten.

Gizakiek oso aspaldi ikasi zuten beren burua defendatzen eta, zibilizazio modernoetan behintzat, babesturik daude. Beren bizitzako programa gehienetan ondare genetikoak ematen dizkien aukerak garatuz igarotzen da. Gainera laster lortuko da herrialde garatuetako biztanle gehienak ehun urtetik gora beteta zahardadez hiltzea.

ZAHARTZEA, LEGE OROKORRA

Zahartzea fenomeno arrunt eta konstantea da. Edozeinek bereizten du zakur zaharra (hortzak galtzen hasia dena, gaizki entzun eta ikusten duena, ile barbana duena, bitsa dariona, negar egin eta eguzkitan geldi-geldi egoten dena) eta bere barne-indarraren eraginez beti bila ari den txakur gaztea edo heldua.

Ornogabeek ere ezin dute zahartzea saihestu. Zuzenean ikus daiteke hori birsorkuntza-fenomenorik ez duten espezieetan. Urtaro bat baino gehiago bizi diren intsektuek, hautsita edo higatuta, aldatzen ez diren apendizeetako segmentuak poliki-poliki gal ditzakete (krustazeo askorengan ez bezala).

Koleoptero karabido hondeatzaileei buruan hortzez hornitua duten ertza higatu egiten zaie pala gisa erabiltzen dutelako. Aurreko hankek berriz, tibiaren erdiraino ere gal dezakete zeharka ebakita, izpitu egiten zaielako.